Abian gara

mario

 Mario Zapata, Gidaren egilea, Bilboko aurkezpena eta gero,  Ecuador Etxeko kide batek egindako argazkian.

Jatorri-aniztasuna: Eragile Sozialen Gidaliburua kalean da

2013ko martxoaren 26

Jatorri-aniztasunaren eta Migrazioaren inguruan aritzen diren eragile sozialen Gida aurkeztu zuten Bilbon pasa den astean, Mario Zapata soziologoak eginda.

GITE-IPES elkarteak, bere lehendakari ohia izan zen Julio Araluzeri egindako omenaldia zela eta, urteroko ikerketa beka sortu zuen, hain zuzen ere, omenaldia haren ikerkuntza lanaren jarraipenean isla zedin. 2011. urteko beka Mario Zapatarentzat izan zen eta egindako ikerketaren haritik, Aniztasuna eta Migrazioen esparruekin zerikusia duten eragile sozialen zerrenda bat egin zuen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaren esker orain argitaratu da.

Egileak azaldu duen moduan, jatorri- eta kultura-aniztasuna bere osotasunean harturik, arlo ezberdinetako eragileak sartzen ziren: Euskal kulturakoak, hezkuntzakoak eta besterik ere bai. "Eremu batzuetan erraz samarra zen eragileak zeintzuk ziren ezagutzea, aitzitik, jatorri-aniztasunaren eta migrazioaren eremu zehatzean lan egiten zuten eragileen erlazioa eskuratzea zailagoa zen. Gainera, abiapuntuzko erronka geneukan: Euskal Herri osoko eragileen zerrenda egitea, inon ez baikenuen horrelakorik aurkitu".

"Dokumentazio lan horretan, lehen urrats gisa interneten aurkitutako hainbat erreferentzia bildu genituen eta hortik tiraka, datuak osatzen joan gara, batzuetan ikerketa lan zorrotza eginez. Hortaz, hona hemen bildutako ia 1.000 eragileren erreferentzia. Ez bukaerako lana bezala, abiapuntuko lana bezala baizik. Alabaina, etorkizunera begira gure helburua honako hau da: urtez urte zerrenda berritzea eta gaurkotzea".

"Beraz, gida hau ekarpen interesgarria izan daiteke ikuspegi honekin lan egiten dutenei begira lan-tresna moduan. Baina lan-tresna izateaz gain, berez, ekarpena ere honako hau irudikatzeko: Euskal Herrian aniztasunaren inguruan dagoen errealitate bizia, bai eragileen aldetik baita egiten den lanaren aldetik ere", gaineratu du Zapatak.

“Aniztasunaren kudeaketaren ikuspuntu integral batetik eragile guzti-guztiak kontuan hartu beharko litzateke. Izan ere, aniztasunaren zeharkako izaera kontuan harturik, ia esparru guztietako eragileei dagokie aniztasuna: eremu sozialekoak, kulturakoak, hezkuntzakoak, sozio-ekonomikokoak… Lanaren helburua aniztasunaren ikuspuntua mahai gainean jartzea ere bada, agerian jartze hau ez dela soilik jatorri-aniztasuna eta migrazioaren esparruan zehazki lan egiten duten eragileen kontua".

Hain zuzen ere, gidaliburu honetan, bestelako jatorri- eta kultura-identitatearen inguruan antolatu diren eragileen erreferentzia biltzeaz gain, baita beste arloetatik ikuspuntu hori kontuan harturik lan egiten duten eragileak ere. Bere ustez, aniztasunaren kudeaketaren ikuspuntutik, “ezinbestekoa baita arlo honetan aritzen diren eragile guztien lana ezagutzea”.

Gida honetan, erabilitako erreferentziak antolatzeko kategoria batzuk erabili behar izan dituzte. "Kategorizazio guztiek nahitaez nolabaiteko mugak ezartzen dituzte; bizitzan askotan gertatzen zaigun bezala, mugak lausoak dira eta hainbat kasutan zaila da mugaren alde batean edo bestean kokatzea. Dena dela, kategoria hauek informazioa antolatzen eta bereziki bilaketak egiten lagungarria izan daitezkeelakoan gaude".

Gida paperean argitaratua izateaz gain, interneteko aplikazio baten bidez erabil daiteke, GITE-IPESeko webgunean.