Abian gara

p3210061

Kultur aniztasunaren kudeaketan hausnartzeko eztabaida abiarazi dugu jendartean

2014ko martxoaren 21

Nazioarteko Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Egunean, EH 11 Kolorek "Euskal Herria anitzarentzat adostasunak" ekimena aurkeztu du gaur goizean Bilbon. Gure herriaren kultur aniztasunaren kudeaketan adostasunak jorratu nahi ditu, hausnarketa eta eztabaida prozesu baten bitartez.

Prentsaurrekoan, Xabier Mendiguren Bereziartu eta Xoxe Estévez EH 11 Koloreko bozeramaileek hartu dute parte. Beraien esanetan, ekimen berri honen bitartez, urratsak eman nahi dira bereziki lau eremuetan: Jatorri aniztasuna eta lan eskubideak; Euskara eta hizkuntz aniztasuna; Erlijio aniztasuna eta jendarte laikoa eta Hiritartasuna eta naziotasuna."Jendarte eragile, elkarte eta erakunde ahalik eta zabalenetara eraman nahi dugu jada eremu, akademiko, politiko, sozial edota erakunde batzuetan ematen ari den eztabaida eta hausnarketa. Euskal Herria 11 Kolorek kalera eraman nahi du lan hau eta era berean guztion borondatez eraiki gure herriaren berezitasunak aintzat hartuko dituen kultur aniztasunaren berezko eredua, Euskal Herriarentzat eginiko aniztasunaren kudeaketa demokratikoa alegia", esan dute. Prozesu honetan, bidelagun izango ditu EH 11 Kolorek, laguntza eta jakintza eskeiniz, hurrengo adituak;

Angel Miragaya, Bizkaiko SOS Arrazakeriko kidea eta abokatua, lan gaietan, atzerritartasun
zuzenbidean eta gatazka kudeaketan aditua.

Xabier Barber, ESK sindikatuko kidea eta Euskal Herriko Gutun Sozialaren sustatzaileetako bat.

Garbiñe Petriati, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko Zuzendaria

Xabier Mendiguren, Euskara itzultzailea eta Euskararen Kontseiluko Lehendakari ohia, Euskal
Herria 11 Koloreko bozeramailea.

Hithem Abdulhaleem, psikologoa, Deustuko Unibertsitateko irakasle kolaboratzailea Islamiar
Pentsamenduan, "Musulmanak Euskadin: Erlijioprofila, jarrerak eta sinesmenak" liburuaren egilea.

Andrea Ruiz Balzola, Gizarte Antropologian doktoratua Deustuko Unibertsitatean, Postdoktoratua burutzen Unibertsitate bereko Giza Eskubideen Institutuan "Aniztasuna, migrazioak eta eraikuntza nazional prozesuak" ikerketa lanean.

Irma Orozko, Europako Abokatu Demokraten Elkartearen parte den Eskubideak elkarteko
abokatua eta kidea.

Dinamika honen lehen atalean, adituek txosten bana sortuko dute eztabaidarako lau eremuetan. Ideia nagusi batzuk jasoko dituen idatzia izango da hau. Udara ostean txosten horiek aipatutako eremu bakoitzean lanean ari diren elkarteei helaraziko zaizkie. Sindikatuei, eskubide sozialen defentsan ari diren elkarteei, erlijio komunitate eta jendarte laikoko elkarteei, eskubide zibil, politiko eta giza eskubideen defentsan jarduten diren elkarteei, euskalgintzari... Eurekin eztabaidatu eta hausnarketarako eremu bakoitzean adostasun zabalak lortzen saiatuko da. Azkenik, euskal jendarteari ere eman nahi zaio aukera ekarpenak egin ditzan eta horretarako martxan jarriko dira foro berezi batzuk.