Abian gara

foto_1

Xabier Mendiguren: "Euskara jakitea derrigorrezko erreminta da aukera-berdintasunerako"

2013ko azaroaren 14

"Hizkuntza aniztasuna eta euskera" mahai-inguruan parte hartu du gaur Xabier Mendiguren Euskal Herria 11 Koloreko bozeramaileak eta bertan euskara ikastea garestia izatea gogor kritikatu du. Mahai-inguru hau  Ikuspegi@k-ek, Immigrazioaren Euskal Behatokiak,  eta Biltzen-ek, Integraziorako eta Kulturen arteko Bizikidetzarako Euskal Zerbitzuak, antolatu duten "III Immigrazioa eta integrazioa EAEn. Kultura- eta erlijio-aniztasuna" jardunaldietan kokatzen da.  

Bilboko UPV/EHUko Paraninfoan egindako ekitaldian, Mendigurenek gogoratu du urtero dozenaka hizkuntza desagertzen direla munduan. "Gastronomia, musika eta abarreko aniztasuna ere atzeraka doa munduan. Hori eragotzi beharreko pobretze bat da". Beste aldetik, Euskal Herrian "100 hizkuntza baino gehiago dira erregistratuak une honetan eta hori agerian jarri nahi dugu, eta ezagutarazi eta babestu egin nahi dugu aberastasun hori".

"EH 11 Kolorerentzat,  Euskal Herriak Gizateriaren ondareari egiten dion ekarpena da euskara", esan du bozeramaileak. "Gure artean bizi diren jatorri desberdineko pertsonek (joan den mendean Euskal Herrira etorritakoek, duela zenbait mende bertan dauden ijitoek, azken orduko etorkin afrikar, europar eta hego-amerikarrek) eskubidea dute ondare horretan parte hartzeko".

Xabier Mendigurenen hitzetan, "euskara jakitea derrigorrezko erreminta da aukera-berdintasunerako; horregatik ezerk eta inork ezin dio eragotzi Euskara ikastea gure artean bizi den edonori, ez jatorria, ez egoera ekonomikoa ezin da izan eragozpen horretarako".  

Hala ere,  INEM ikastaroetan (edo Lanbiden) ez dela doako ikastarotik ematen euskara ikasteko salatu du. "Euskara ikastea garestia dela esaten dute etorkin askok, eta diskriminatzailea. Doako esperientziak (NEL) gutxi dira. Euskara luxu bezala ikusten dute. Aukera-berdintasunerako ezinbestekoa izan arren euskal gizarteko sektore desfaboratuenak euskal munduaz kanpo geratzeko arriskua dute horrek berekin dakartzan ondorio diskriminatzaileekin eta gizartea puskatzeko arriskuarekin".

 Mendigurenek bukatu du ondo emandako pausu batzuk aipatzen, alegia, EH 11 Koloren ekintzak, Euskaltzaleen Topaguneak, Auzoko edota Nel-Lana Euskaraz 2012 egitasmoak.