Artikulu bilatzaile

Begiradak

Parte hartzeko eta eztabaidatzeko gunea. EH11Kolorek ez du zertan egilearen iritzi berekoa izan.

hizkuntzaereduak

Bizikidetza, baina gaztelaniaz

2014ko martxoaren 11

Autor: Ander Pérez

Enviado por: ARGIA astekarian argitaratua

Hizkuntza eredu ezberdinetako ikasleak ikastetxeetan batzeko eskaera egin berri dio Nafarroako Parlamentuak Gobernuari. Bizikidetza da talde sinatzaileek, denek Bildu eta Aralar-NaBai salbu, azaleratutako arrazoia. Baina hezkuntza komunitateko eta euskalgintzako eragile aunitz kexu dira, bizikidetza hori, ematekotan, gaztelaniaz emanen denaren susmoa dutelako.

NAFARROAKO PARLAMENTUAK mozioa onartu zuen pasa den urtarrilaren 9an, gobernuari “ikastetxe publikoetan hizkuntza eredu ezberdinak elkarrekin bizi daitezen” eskatuz. Ezkerra taldeak aurkeztu zuen proposamena, eta Parlamentuko gainerako alderdiek, Bilduk eta Aralar-NaBaik salbu, babestu zuten. Ondorioz, “hezkuntza eskaintza berrantolatzeko” eskaera luzatu diote Foru Gobernuari, “banaketa bat eman den ikastetxe orotan hizkuntza eredu guztiak” eskaini ditzan. Diotenez, eskolak “bizikidetzarako eskubidea” bermatu behar du, eta zentroak hizkuntza ereduen arabera banatzeak ez omen du holakorik lortzen.

Zizur Nagusiko institutuan A, D eta G ereduak elkarrekin bizi dira, eraikin bakarrean. Ikasgelatik kanpo, ikasleek espazio guztietan bat egiten dute. Eta zentroko langilego osoa ez denez elebiduna, D ereduko ikasle zein irakasleek gaztelaniaz funtzionatu behar izaten dute, besteak beste, orientatzailearekin mintzatu edo atezainetako batzuekin aritzeko. Horregatik, Nafarroako Parlamentuaren mozioa baloratzerakoan, praktikaren esperientziatik mintzo dira Leire Zabaltza eta Mikel Ripodas Zizurko BHIko irakasleak: “Gure ikastetxea mozio honek bilatzen duenaren eredu argia da”.

Ikastetxeko egoerarekin kexu da Ripodas, “azkenean, euskara delako galtzaile beti”, eta horregatik, beldur da euren ikastetxeko funtzionamendua gainerako zentroetara zabalduko ote den. Finean, egoera horretan, “murgiltze eredurik ez dela” deritzo. “Bai, bada”, zuzendu dio Zabaltzak, “baina gaztelerazko murgiltze eredua da, eta hori argitu behar da”. Zuzenean jasan dituzte hizkuntza ereduak elkarrekin egoteak dakartzan ondorioak, euskararen kalterako ondorioak, alegia. Argi azaldu du Ripodasek: “Gure ikastetxean D eredua dago gelan, atea ixten dugunean; gainerako espazioak erdarak hartuak ditu”.

Bizikidetzaz mintzo da onartutako mozioa, baina Zabaltzaren ustez, hizkuntza ereduen helburua ez da bizikidetza, hizkuntza baten alde egitea baizik: “Hizkuntza ereduak, hitzak esaten duen moduan, hizkuntza bat lantzeko sortzen dira”. Adibide batekin azaldu du Ripodasek: “Futbolean aritzen den talde batek harremana izan behar du saskibaloian ari denarekin? Ez du zentzurik. Futbolean dabilena, une horretan, futbolean dabil. Eta saioa amaitzean, harremana izanen du nahi duen ororekin”. Konparazioa baliatuz, D ereduan matrikulatu diren ikasleak eskolako jardun osoa euskaraz egin ahal izatea eskatzen dute. Eta ez dute uste horrek bizikidetza kaltetzen duenik. Bestela, Zabaltzak dioenez, “ematen du erdarak bakarrik berma dezakeela bizikidetza”.

Antzera mintzatzen da Rosa Ramos, Berriozarko Udaleko euskara teknikaria. Neurri berriak euskaraz ikasten ari den ikasleari “eskolako eremu ez formaletan euskaraz aritzeko aukera ezabatzen” diola uste du. Eta testuak “planteamendu sinplista” dakarrela deritzo, “gizartearen arazo orokorrak direnak euskararen erabilera murriztuz” konpondu nahi dituelako. Testuan agertzen diren hainbat kontzeptutaz ari da, bizikidetza demokratikoaz edo gizon eta emakumeen arteko berdintasunaz, besteak beste. Argi du “planteamendu desiragarriak” direla, “baina horiek ez dira konponduko haurrak elkarrekin jarrita bakarrik”. Are gehiago, proposamenaren planteamendua bera “demagogikoa” dela uste du, “ematen duelako euskaraz aritzeagatik arazo horiek larriagotzen direla”.

Banaketa ala ghettoak

Nafarroako Euskararen Legeak hizkuntzen irakaskuntzarako hiru eremu banatzen ditu. Hala, eremu ez euskalduna izenekoan herritarrek, legez, ez dute D ereduan ikasteko eskubiderik. Beste bi eremuetan, D eredua gainerako hizkuntza ereduekin –A, B eta G ereduekin– batera bizi da. Egun, hogei ikastetxe ingurutan nahasten dira D eta gainerako ereduak. Garai batean askoz gehiago izan ziren, baina urteen poderioz, hizkuntza ereduen araberako ikastetxeak banatzea izan da joera nagusia. Parlamentuak onartutako mozioan azaltzen denez, banaketa horrek “eragin negatiboa dakar ikaslearen sozializazio eta bizikidetzarako hezkuntzari dagokionean”, eta Hezkuntza Departamentuari –UPNren eskuetan dagoena– egozten dio horren ardura.

Irakurri artikulu osoa ARGIAn.