Artikulu bilatzaile

Begiradak

Parte hartzeko eta eztabaidatzeko gunea. EH11Kolorek ez du zertan egilearen iritzi berekoa izan.

foto_1

Euskal herritarrak inbasio berriaren aurrean (J. M. Velez de Mendizabalen 'Euskara inbasio berriaren aurrean' artikuluari kritika)

2013ko azaroaren 6

Autor: Gorka Zozaia García

Enviado por: Gorka Zozaia García

"Euskara inbasio berriaren aurrean" izenburuko artikulua argitaratu du Jose Mari Velez de Mendizabalek Etorkizun Etorkizun bere blogean.

Izenburuari erreparatzea besterik ez dago testu honi xenofobia kutsua hartzeko. “Inbasio berriaz” mintzo da Josemari, baina ez du inongo momentutan kontzeptu hori definitzen. Argi dago, inbasio hitzarekin inmigrazioa esan nahi duela, baina berria adjetiboa ez da oso argia. Suposatzen dut gure kaleetan eman den europar, afrikar eta asiar jatorriko herritarren handitzeaz ari dela, nahiz ta fenomeno hau berri-berria ez den. Areago, bizi dugun krisi ekonomikoaren ondorioz, migrazio tasa horietako batzuk goia jota daude dagoeneko... apika, migrazio zaharraz hitz egiteko puntuan geundeke. Baina tira, berria oraindik Josemarirentzat.

Ez da aurrerantzean argiago adieraziko euskal xenofobo hau. Euskara “eri baina osasuntsu” dagoela esaten duenean, adibidez, ez dakit zein hitz jolas egin nahiean dabilen antonimo horiekin. Tira, trasmititzen duen ideia gutxienez argi dago: “Okupatzaileak gurera heldu ziren arren, euskarak bizirik irauteko gaitasuna erakutsi duela”. Joxemariren inkontzientean, hizkuntzak iraun egiten du, ez bizi. Baina kezkatua dago Velez de Mendizabal, euskarak “inbasio berria” jasango ez ote duen. Ez dakit, diot nik, ikuspegi historiko hori kontutan izanik, lasai egoteko arrazoiak atera litzakeela nahi izanez gero. Baina ez, ez du nahi. Berak inbasioaz hitz egin nahi du, “plaza, anbulatorio, denda, gizarte zerbitzutegi eta autobusetan entzuten diren hizkuntza desberdinetaz”. Migrazio fenomenoaren aberastasuna antzeman ordez, arriskua soilik dakusate batzuek. Beldurra diote ezberdinari, eta beldurretik gorrotoa soilik hazten da; ezberdinarekiko gorrotoa: xenofobia.

Lerro artetik irakurtzen den guzti honek, azken parrafoan hartzen du gorputza. Euskararen aldeko bultzada emateko neurri ausartak eskatuko ditu Joxemarik, baina kuriosoa da nola argudiatzen duen horien beharra: “Inmigrazioari mugak ixterik ez dagoenez gero,...”. Josemarirentzat euskara salbu legoke Euskal Herria hermetikoa balitz. “Euskara da herri honen hizkuntza eta horregatik zaindu behar da”... berriro erretolika museozalea, en fin! Esaldi honetan larriena baina, ez da ikuspegi kontserbadore hori, baizik eta “Euskara da herri honen hizkuntza” baieztapenarekin, bi ezeztapen kategoriko egin egiten dituela inplizituki: 1.- ez, zurea (gaztelera, frantsesa, arabiarra, txinatarra, errumaniera,...) ez da herri honen hizkuntza, eta 2.- ez, zure hizkuntza euskara ez bada, zu ez zara herri honen parte.

Aski da! Nazkatzen hasia nago diskurtso sibilino honekin. Xenofobia europan hazten ari dela gauza jakina da, eta horretan ere, Euskal Herria ez da salbuespena. “Amanecer dorado” greziarraren aldekoak agertu zaizkigu berriki, piperpotoa eta eskuin eskua luze, eta badirudi horiek direla xenofobo bakarrak herri hontan. Baina ez, euskaldunen artean, abertzaleen artean, xenofobia asko dago, eta azken aldian, kutsatzen ari dela dirudi... hauxe bai dela inbasioa! Baina tamalez, lagunok, hau ez dugu berria...