Berriak

ablacion

Ablazioaren aurka egiteko Nafarroan dirurik ez dagoela salatu dute

2014ko maiatzaren 7

Nafarroan, gutxienez, 203 emakumek jasan dute genitalen erauzketa. 93 neska dira senideen herrialdera joandakoan ablazioa jasateko arriskua dutenak. Munduko Medikuen datuak dira. Gobernuz kanpoko erakunde horretako ordezkariek agerraldia egin zuten atzo Nafarroako Parlamentuan, Gizarte Politiken Batzordean, BERRIA egunkariak informatzen duen moduan. Azkeneko urteetan aurrerapausoak eman dituztela onartu zuten, baina kexu azaldu ziren administrazio publikoak emandako baliabide eskasekin. «Aurrekonturik ez dago ia. Dirua behar dugu lan egiteko, diru sail bat lana ondo egiteko, eta herritar guztiengana iristeko», esan zuen Fatima Djarra bitartekariak. Talde politikoen ordezkariei erantzunez, datuak eman zituen: «Berdintasunaren eta Familiaren Nafarroako Institutuak mila euro ematen dizkigu urtean formaziorako. Zer egin daiteke mila eurorekin?». Osasun Departamentutik 3.000 euro baino ez dituzte jasotzen. Eta egiteko lana ez da gutxi, Djarrak azaldu zuenez: «Zailtasunak ditugu emakume afrikarrak aurkitzeko, Nafarroa osoan sakabanatuak baitaude. Gastu asko ditugu, bai telefono deiak egiten, bai emakumeak dauden lekuetara joaten». 

Urtzi Urkizuk sinatzen duen informazioak horrela jarraitzen du:

"Hala eta guztiz ere, Nafarroan bizi den komunitate afrikarrean genitalen erauzketaz hitz egitea lortu dutelako «gustura» dago Munduko Medikuen kidea. Gobernuz kanpoko erakundeak Bref izeneko dokumentala ekoitzi du. Bertan ablazioa jasan duten Nafarroako hainbat emakume azaltzen dira —Youtuben osorik dago ikusgai—.

Munduko Medikuen kide Yolanda Rodriguezek, berriz, salatu zuen Espainiako Gobernuak onartutako justizia unibertsalaren lege erreformarekin ezin dela genitalen erauzketa jazarri. «Neurri judizialak azken baliabidea dira. Aurretik dago sentsibilizazioa. Baina atzera eragiteko neurri bat da, eta lege berriarekin ezingo da ezer egin».

Nafarroan ablazioa desagerrarazteko helburuarekin, iazko udan landu zuen Nafarroako Gobernuak protokolo bat—Munduko Medikuen urteetako eskaerari erantzunez—. Ekinbideetarako lau maila bereizten ditu: ablazioa jasateko arriskua duten nesken identifikazioa, erauzketa jasan duten emakumeekin lan egitea, arrisku taldeen prebentzioa eta hezkuntza. Formazioan ere eragin nahi da, eragile guztiekin: osasun arloko profesionalak, gizarte zerbitzuetako langileak, hezkuntza arlokoak eta justiziakoak. Ekinbideak aurrera eramateko, diruaz gain, egutegi baten beharra nabarmendu zuen Djarrak.

«Genero indarkeria da»

Talde politikoetako ordezkari guztiek txalotu zuten Munduko Medikuak erakundearen lana —aho batez onartu zuten protokoloa—. UPNko parlamentari Francisco Javier Lorenteren iritziz, esaten direnak baino gehiago dira kasuak. «Esango nuke neska eta emakume gehiago direla genitalen erauzketa jasan dezaketenak». Ablazioa aberrazio hitzarekin definitu zuen. Rodriguezek, ordea, definizioa ez dela egokia ihardetsi zuen: «Neskek eta emakumeek jasaten duten giza eskubideen urraketa larria da. Genero indarkeriako eraso modu bat da». Munduko Medikuen kideak eskatu zuen Nafarroako Parlamentuak onartuko duen generoko indarkeriako legean genitalen erauzketa sartzeko. 

Aralar-NaBaiko Xabier Lasak eskatu zuen Afrikan egin behar dela lan, adibidez gobernuz kanpoko erakundeei lagunduz. Ezkerrako Txema Mauleonek salatu zuen UPNren gobernuak %70 murriztu duela lankidetzako aurrekontua. Bilduko Bikendi Bareak eta Geroa Baiko Patxi Leuzak baliabide gehiago eskatu zituzten genitalen erauzketaren arazoarekin lanean ari direnentzat."