Berriak

m1

Euskal Herriko Ijito Herriaren Eguna ospatzeko dokumentala erakutsiko dute Donostian

2013ko azaroaren 14

Donostiako Udalak, Kultur Aniztasunaren Sailaren bitartez, Euskal Herriko Ijito Herriaren Eguna ospatuko du, eta horretarako azaroan zehar egiten ari dia hainbat ekintza. 2004ko azaroaren 16an Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Euskal Autonomi Erkidegoko Lehen Plana onartu zen Gobernu Kontseiluan. Ondoren, data hori aukeratu zen Euskal Herriko Ijito Herriaren Eguna ospatzeko. Aipaturiko plana ijitoen elkarteen eta Administrazio Publikoaren artean egin zen, euskal herriko ijitoen beharrizan eta itxaropen errealak asetzeko helburuarekin.

Honen harira, bihar, azaroaren 15ean, 18:30etan, “Ijito Oroimena. Gerra Zibila eta Diktadura Euskal Herrian” dokumentala proiektatuko da San Telmo Museoan. Era horretan, urriaren 15ean Antzoki Zaharrean egindako aurkezpenera joan ezin izan zutenei, dokumentala ikusteko aukera eskainiko diegu. Ondoren, 19:00etan, donostiar orori zuzendutako hitzaldia izango da. Dokumentalaren eta komikiaren egileek egindako bi lanen aurkezpena egingo dute eta, gero, Euskal Herriko ijitoen bilakaera historikoa eta kulturala errepasatuko da

AGIFUGI Gipuzkoaren Etorkizunerako Ijitoen Elkartearekin batera antolatutako ekintzen artean, Gaztelekuetan egiten ari diren hitzaldiak nabarmendu daitezke. Lehen hitzaldia Bidebietako Gaztelekuan izango zen, azaroaren 5ean.. Hitzaldietara 13 eta 17 urte bitarteko gazteek joateko aukera izango dute. Ez da beharrezkoa aurretik izena ematea. Hitzaldien izaera informala eta parte hartzailea da. Horrez gain, “Miguel eta NekaneIjito Herriaren Historia” komikiaren egileak egoten dira. Komiki horren bitartez ijitoen ikuspegi eguneratua eskaini nahi da, baita ijito herriaren historiaren pasarte esanguratsuen informazioa ere. Hurrengo hitzaldia 19an izango da, Egian.