Berriak

fotonoticia_20131224115222_500

Galiziak eta Euskal Herriak bat egiten dute Kepa Junkeraren disko berrian

2014ko urtarrilaren 2

Galiziako artistekin eta herrialdearekin izandako harremanaren ondorio naturala sortu du Kepa Junkera musikari bizkaitarrak Galiza. Disko bikoitza da, baina aurkezpen formatua hori baino askoz gehiago da, liburuxka ere bada, Junkerak Galiziarekin duen harremana laburtzeko 23 kanta eta hitzak zein irudiak erabili dituelako. Abenduan, San Pedron aurkeztu zuen lan berria “Pasaiak eta bereziki inguru honek Galiziarekin duen harreman esanguratsuagatik”. Izan ere, Galiziaz gain, Euskal Herrian aurkezten ari da lan berria, Galiziako etxeetan, edo herrialde horrekin harremana duten tokietan. Daniel Castelao Fato Cultural Galego taldeko kideen laguntzarekin egin zuen aurkezpena musikariak.

30 urteko karrera egina du musikagintzan bilbotarrak, eta Galiziarekin beti harreman ona izan du, “itsasoko Galiziarekin, mendikoarekin, jendearekin, artistekin…”. Eta diskoan hango hainbat sortzaileren laguntza izan du, tartean Luar Na Lubre, Uxia, Sondeseu… Horrela, lanarekin Galiziako kulturan “desenbarkoa” egin duela aitortu du sortzaileak, eta normalean hark bere diskoen konposizioak egiten baditu ere, orain ez dela horrela izan. Hala, “sentimendu eta emozioen” festatzat eman du diskoa Junkerak, “bihotzetik sortua”.

Hitzaldi-kontzertua izan zen San Pedroko Udal Aretokoa. Eta horren hitzaurrea Xose Estevezek egin zuen, galiziarrez. Daniel Castelao Fatoko kide eta gure elkarteko bozeramaileak aitortu zuen Junkerak berak hots egin ziela pasaitarrei diskoaren aurkezpena bertan egiteko, gogorarazi zuen trikitixak italiar jatorria duela, baina Galiziara 1905ean iritsi zela; Galiziaren eta trikitixaren arteko harremana Manuel Rivasen O lapiz do carpinteiro liburuan modu berezian agertzen dela esan zuen. Lan horretan Rivasek aipatu zuen Fisterrako kostan trikitixaz betetakoPalermo ontzia hondoratu zela, eta instrumentu guztiak Fisterra inguruko hondartzetatik barreiatu zutela, “horiek mugitzerakoan ateratzen zuten soinua dela-eta bertakoek uste izan zuten purgatorioko arimak bertara iritsi zirela”. Eta esan zuen disko honek “anai diren bi herri” batzeko balio duela, “Euskal Herria eta Galizia”.