EH 11 kolore

Poner
Descarga el PDF

Hastapenak

Euskal Herrian bizi garen pertsona guztiok, bertan edo beste herri batean jaioak izanik ere, euskal herritarrak gara. Hemen jaiotako pertsona oro, beste herri batean bizi arren, Euskal Herria bere herria dela sentitzen duena, hori ere euskal herritarra da. Lur hau utzi behar izan zutenek, edo itsasoaren beste aldetik etorritakoek, ipar, hego nahiz ekialdetik, eta hemen bertan jaiotakoek, hemen bizi ala ez, denok batera, bizi dugu, sentitzen dugu, egiten dugu,... gara Euskal Herria.

Euskal populazioaren jatorri aniztasuna bere identitatearen ezaugarrietako bat izan da, eta da. Horren lekuko da Europako herri txiki eta zahar honen historia luzea: mendeetan eta belaunaldietan zehar, ezin konta ahala herrik eta kulturak utzi dute beren arrastoa gure lurrean eta gure kulturan. Aldi berean, euskal herritar askok utzi dugu, eta oraindik uzten dugu, geure aztarna munduan.

Euskal Herria, gaur egun, 3 milioi biztanle inguru dituen herria da, eta biztanle horiek, jatorria, hein handi batean, munduko herri ia guztietan dute. Gaur egungo euskal herritarron sorlekuak honako hauek izaten dira: Maule, Bilbo, Tutera, Vigo, Jaén, Marseilla, Londres, La Paz, Chaouen, Idaho, Dakar, Shangai, Sidney… Gure lurraldean batzen dira hainbat jatorri, kultura, sentimendu, bizipen, ohitura... anizkunak eta askotarikoak direnak.

Euskara, euskaldunon hizkuntza, izan da eta da gure historian zehar partekaturiko identitatearen adierazpen gorena, gure aniztasunean batzen gaituen eta Herri egiten gaituen lokarria, gizadiaren ondare den hizkuntza, kultura eta identitate aniztasun horri Euskal Herriak ematen dion jatorrizko mundu ikuskera desberdindua.

Aldi berean, gaztelania eta frantsesa ere gure hizkuntzak dira, hala nola diren galegoa, arabiera, tamazight (berberera), txinera, ingelesa, romania, kitxua, aimara, errumaniera, wolofera,... gaur egungo euskal herritarron parte handi baten hizkuntzak diren neurrian; beraz, Euskal Herriko hizkuntzak dira, gure herriaren hizkuntzazko eta kulturazko aberastasunaren adierazpenak.